Proiektuaren berri

INSPIRA nesken bokazio zientifiko eta teknologikoa bultzatzeko Euskadiko proiektu berritzaile bat da, sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzetan oinarritzen dena. Ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren alorreko zenbait emakume profesionalek gidatzen dituzte jarduerok. Lehen aldia da taldeko mentoring-aren teknika erabiliko dena lehen hezkuntzako ikasleen artean STEAMak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) sustatzeko proiektu batean.

INSPIRAren bigarren edizioan, 113 emakumezkok hartuko dute parte, beren borondatez, aholkulari gisa. Guztiak ere zientzialariak eta teknologoak dira, eta hainbat arlotan ari dira lanean: hezkuntzan, enpresan, ikerketan, kudeaketan eta abar.

Horrenbestez, EAE osoko 43 ikastetxetako bederatziehun neska baino gehiago hartuko dute parte zazpi lansaiotan, eta askotariko gaiak landuko dituzte, besteak beste, inguruan ditugun estereotipoak, lana edota historian emakumeek eta zientziak izan duten lotura. Aholkulariaren eta nesken arteko topaketa horien helburua da zientzia eta teknologiako lanbideen inguruan dituzten eragozpenak edo zalantzak argitzen laguntzea, haien motibazioak argitzea eta, hala nahi badute, ibilbide profesional horri ekiteko behar duten autoestimua sendotzen laguntzea.

Euskal ikasleen artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak bultzatzeko beharretik eta, bereziki, nesken artean bokazioa bultzatzeko premia handitik sortu da INSPIRA. Urtetik urtera jaisten doa teknologiako hezkuntza aukeratzen duten ikasleen kopurua. Eta emakumeei erreparatzen badiegu, askoz nabarmenagoak dira datuak. Nahiz eta Espainiako unibertsitate-sistemako ikasleen % 54,3 emakumezkoa izan, % 26,4raino jaisten da emakumezkoen ehunekoa arlo teknikoen titulazioetan, hala nola ingeniaritzan eta arkitekturan.

Deustuko Unibertsitateak sustatzen du INSPIRA proiektua, Elhuyar Fundazioa eta Innobasqueren lankidetzarekin eta hiru Foru Aldundien laguntzarekin (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba).

Inspira STEAMProiektuaren gakoak:

  • Hurbileko emakumezko teknologoen erreferente berriak eman nahi ditugu.
  • Neska-mutilek STEAM lanbideen berri izatea.
  • Herrialdearen garapena gizonezkoen eta emakumezkoen artean lortu beharraz kontzientziatzea.
  • Teknologiako ikasketen inguruan sentsibilizatzea eta haietara bideratzea.
  • Emakumezko teknologoak ikusgai bihurtzea eta haiei balioa ematea.
  • Gizartean dauden estereotipoak ezagutaraztea, ikasketak aukeratzeko unean eraginik izan ez dezaten.

Back to Top