Itziar Epalza, euskadiko parke teknologikoen sareko zuzendari nagusia

Itziar Epalza, euskadiko parke teknologikoen sareko zuzendari nagusia

Ez dago iruzkinikItziar Epalza, euskadiko parke teknologikoen sareko zuzendari nagusia sarreran

Galdera: Nola eta noiz ezagutu zenuten INSPIRA STEAM proiektua eta zer dela eta erabaki zuen Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak erakunde babesle gisa aritzea?

Erantzuna: Deustuko Unibertsitatearen bitartez ezagutu genuen Inspira STEAM proiektua eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak bokazio zientifikoak sustatzeko eta STEAM profileko emakumeak ezagutzera emateko estrategiarekin bat egiten zuela iruditu zitzaigun. Hurrengo urratsa 2017an lankidetza hitzarmena sinatzea izan zen.

G: Estatu mailan ekimen zehatzik egin da alde horretatik?

E: Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak Espainiako Parke Teknologikoen Elkarteak (APTE) bultzatzen duen “Emakumeak, Zientzia eta Teknologia” proiektuan laguntzen du. Iaz Deustuko Inspira STEAMi laguntza eskatu zitzaion ekitaldiaren mahai-ingurua antolatzeko eta emakumeen erakusketako berdintasunaren inguruko dinamikak prestatzeko.

“Emakumeak, Zientzia eta Teknologia” programak bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatu nahi ditu, etorkizunean emakume gazteek arlo horietako ikasketak eta lanbideak gehiago aukeratu ditzaten. Helburu horiek lortzeko, APTEk elkarteko kide diren parke zientifiko eta teknologikoen lankidetza du, garatu beharreko planean parte hartzen dutenak, horrela ekimenari estaldura eta eragina emateko estatu mailan.

G: Zerk galgatzen du, zure ustez, emakumeen presentzia handiagoa izatea STEAM lanbideetan? Eta zein neurri jarri beharko lirateke abian goranzko joera hori sustatzeko?

E: STEAM eremua nagusiki maskulinotzat hartzen da, osasunarekin eta biozientziekin lotutako sektoreetako diziplinetan izan ezik. Zientziaz eta teknologiaz hitz egitean, erreferenteak maskulinoak dira, nahiz eta arlo horretan emakumeen ekarpena izugarria izan.

Emakumeek zientzian eta teknologian duten papera sustatzea funtsezko parte da duela hilabete gutxi aurkeztu genuen Parkeen Sarearen 2024ko Plan Estrategikoan. Parkeen Sareak planifikatutako ekintza guztietan emakumeen ordezkaritza sustatuko du eta enpresetako ardurazko postuetan emakumeen ordezkaritza ezagutzera emateko ardura hartu du bere gain.

Euskadiko Parkeen Sarean uste dugu lan egin behar dugula eta ekarpena egin dezakegula neurri handi batean emakumezkoen presentzia zabaltzeko STEAM karreretan. Bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzea da parkeetan egiten ari garen apusturik garrantzizkoena, batez ere, parkeek berrikuntza sistema lehiakorraren garapenean izan dezaketen eraginagatik. Horretarako ezinbestekoa da gizartearen %100aren babesa izatea.

Ildo horretatik, ikastetxeetan aholkularitza bezalako ekintzak bideratzen ditugu Inspira STEAM proiektuan, baita “Emakumeak, Zientzia eta Teknologia” proiektuan eta FP-Parke proiektuan ere, Ikaslan eta Hetelekin elkarlanean.

G: Ikuspegi korporatibotik, zeintzuk dira, zure ustez, Zientzia eta Teknologia arloan emakumezkoen presentzia handiagoa lortzearen abantailarik nagusienak?

E: Gaur egun, EAEko Parke Teknologikoen Sarea 20.000 pertsona baino gehiagok osatzen dute eta %40 inguru emakumeak dira. Ia 8.000 emakume gara, salbuespena eta albiste bikaina, antzeko ezaugarriak dituzten beste toki batzuekin alderatzen badugu. Baina ez da nahikoa eta hor du paper erabakigarria Inspira STEAM programak.

Horregatik, funtsezkoa da emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea arlo guztietan: hezkuntzan, enpresan… Zientzia eta teknologia gizartera hurbiltzen jarraitu behar da, emakumeek arlo honetan duten papera bultzatu, ezagutarazi eta zabaltzen jarraitu, gazteen artean bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko.

Gizarte bidezkoagoa lortu nahi badugu, ezin dugu onartu munduko biztanleriaren erdiak baino gehiagok gainerakoek baino zailtasun handiagoei aurre egin beharra zientzia eta teknologiarekin lotutako gaiak ikasteko edo lanbideetan aritzeko.

Zuzendaritzako postuetan ere emakume gehiago ikusi daitezen egiten dugu lan. Parkeetako enpresen %25 emakumeek zuzentzen dituzte, baina oraindik bide luzea dugu egiteko.

G: INSPIRA STEAMen babesle izateaz gain, Euskadiko Parke Teknologikoen sareak bertan lanean diharduten emakume profesional batzuk proiektuan aholkulari lanetan inplikatzeko asmoa du?

E: 2017tik ari dira parkeetako STEAM emakumeak aholkulari lanetan. Urtez urte proiektuaren berariazko aurkezpen jardunaldiak antolatzen ditugu Parkeetan eta aholkularien kopurua gehitzen ari gara. Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmenaren bidez, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko enpresetako aholkularien prestakuntza sustatzen da. Gainera, iaz Arabako Foru Aldundiaren, Deustuko Unibertsitatearen eta Arabako Parke Teknologikoaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu zen, Arabako lurraldean berariazko ekimenetarako.

Gaur egun, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean instalatutako enpresen artean, Inspira STEAMeko 42 aholkulari daude: 23 Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeari dagozkio; 9, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeari, eta 10, Arabako Parke Teknologikoari.

Langile taldearen % 55 baino gehiago emakumeak dituzten parke teknologikoetan, emakumezko 6 aholkulari ditugu eta gizonezko 1.

Parkeek eta Deustuko Unibertsitateak sinatutako hitzarmenean, hainbat ekintza zehazten dira, hala nola, hiru lurraldeetan proiektua aurkezteko urteroko jardunaldiak antolatzea eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko enpresetako aholkulari berrientzako prestakuntza finantzatzea. 2021-2022 edizioan, Sareko 12 enpresatako 19 emakume prestatu dira guztira.

Gainera, STEAM karrerekin lotutako emakumeek presentzia nabarmena dute gure webgunean. Parkeetan kokatutako enpresen barruan zientzia eta teknologia jardueretan diharduten 191 emakume ditugu.

About the author:

Leave a comment

Back to Top